XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Azaroaren bukaeran edo abendu hasieran hauteskundeak Quebec-en (I)
Nora doa Quebec politikoki?.

Duela hilabete batzu argitaratu genuen EGINen Quebec-eko egoera politikoari buruzko artikulu bat.

Bertan besteak beste garai hartan PQ hemengo alderdi independentistan, eta gaurkoz gobernuan dagoenean sortutako arazoei buruz hitzegin genuen, azterketa politiko txiki bat eginez.

Joan den neguan gertatu ziren arazo hauek bertan, alderdi barruan, eta independentziari buruzko erreferenduna galdu ondoren, bertako sozialdemokrata, burges eta independentziaren aurkako sektoreak alderdiaren lehen puntua hau da: PQren aldeko boto bat, independentziaren aldeko boto bat da kentzea lortu zuten.

Hori zela eta hemengo mugimendu abertzale bakarra den Societé Saint Jean Batiste elkarteko burua zen (geroztik utzi bait du) Gilles Reaume lehendakariak Montreal-Quebec oinez egin zuen independentziaren aldeko lemapean.

Ekintza horren bitartez independentziaren aldeko diskurtsoa eta praktika errebindikatzen zuen.

Azken egunean, martxa Quebec-eko parlamentura iritsi zen unean, hogeita hamabi lagun geunden.

Katastrofe handia izan zen.

Geroztik eta, seguraski, jaso zuen laguntza eskasa zela eta, bere dimisioa eman zuen.

Geroztik gertatu dena
Bitartean PQ barnean oso borroka bihurriak martxan ziren: alde batetik, lehen esan dugun bezala, PQ-eko alderdi burges, anti-independentista eta erreformistak bloke egin zuen orduko eta orain dela 20 urtetik alderdi eta mugimendu abertzaleko lehen figura eta Quebec-eko lehendakari den Levesque-ren eta estatutoen kontra; bestalde, alderdi barruan, ez zen jugada eta pegadaren bururik zehatzik ikusten, eta erreformistak blokean bazeuden, independentistak hemen ere bai zatituta.

Erreformistak hasieran ez zuten zuzen Levesque-ren kontra jo, alderdien estatuko independentisten aurka baizik, eta hori aldatzea lortu zuten, alderdiko sektore kontsekuentea zatituta zegoelako, espero ez zuelako, eta Levesque kuestionatzen ez zutelako (hasieran).

Estatutoak aldatu bezain laster sekulako dimisio multzoa gertatu zen PQ barruan: alde batetik, prestigio haundia izan zuten ministroek, hala nola Panizan (ekonomian), Saurin-ek eta abarrek.

Bestalde, hamabost-hogei diputatuk eta, azkenik, baseko hogeita hamar milaren bat partaidek beren karneta hautsi eta alde egin zuten.

Burges, erreformista eta independentziaren aurkakoen jugada oso estudiatua eta oso sakona zen, areago zihoan.

Zer gertatzen da orduan? Hemengo oposizioan dagoen partidu liberalak bere aldetik ere sekulako erasoak egiten hasi zen, oraingoan ez jadanik partidu (PQ) barneko oreka botatzeko, baizik eta gobernuaren oreka botatzeko, izan ere dimisio mordoa zela eta barne arazoak zirela, gobernua oso egoera txarrean bait zegoen.

Gainera Poliziaren sindikatua ikaragarrizko huelga egiten ari zen, une berean, eta beste lan sektore batzu ere bai.

Ondorioz, Levesque lehendakariak eta sektore abertzaleak berehala ikusi zuten partidu liberalak gobernua hankaz gora botaz gero, hauteskundeak egin behar zirela; eta prentsak eta komunikabide guztiek partidu liberala jotzen zuten irabazletzat.

Komunikabideek konflikto luze honetan eduki duten jokabide alua nola ez! aipagarria da.

Finantza mundua ere, aparato ekonomikoa ere, kritika gogorretan hasi zen.

Egoera honetan PQ-eko independentisten multzo ahulduak (geratzen zena, gehienak joan bait ziren) eta inoiz baino zatituagoak onartu behar izan zituen partidu barruan sektore erreformistak erreibindikatutako puntuak.

Une honetan independientisten barruan istiluak gogortzen ari dira.

Zer egin? PQ-tik atera eta beste alderdi bat sortu? Baina bi arazo: bata, PQ galtzea eta bestea, hauteskundeetarako denborarik aski ez izatea ezer serioski antolatzeko.

Edo beste jokabidea PQn gelditu eta barnetik lan egin; gainera, Levesque, oraindik hor zegoen.

Prentsaren jokaera ikustekoa
Prentsaren lanari esker, partidu liberala, inoiz baino gehiago, alderdi irabazletzat agertzen zen.

Alderdi batua, arazorik gabekoa..., eta une hau aprobetxatuz, partidu liberala, militantzia eta dirua biltzen hasi zen.

Militante asko eskuratu eta gainera hauteskundeei begira 5 milioi dolar lortu zituen dirubilketan.

Bitartean eta lehen esanik dugun bezala, PQ-eko sektore erreformistak bere presioa areagotu zuen, alderdi barruan gehiengoa zutelako batez ere besteen dimisioak zirela eta, eta oraingoan gehiengoa lortu ondoren, Levesque lehendakariaren kontra hasi ziren.

Prentsaren jokabidea aldatzen da bapatean, dudarik gabe finantza munduaren presioari esker.

Alde batetik partidu liberalak eta Bourrasa, bere buruak, orain dela hamarren bat urte boterean egon zirenean, hau da hemengo krisi ekonomikoaren hasieran, oso dinamika ekonomiko txarra eduki zuten.

Hizkuntza mailan bezala gainera.

Bi arazo hauen ondorioz ezkertiarrago, baina ekonomikoki efikazagoa zen PQ berriro boterera iritsi zen.

Puntu batek galerazten zuen finantza mundua, independentismoak hain zuzen.

Baina nahiko garbi zeukaten hauek Quebec-eko independentzia gaurko ez zela.

Eta PQ gobernura igo zen.

1.980.ean independentziaren erreferenduma planteatuz, sekulako sustoa emanez, baina prentsaren lanaren ondorioz, manipulazioa, beldurra sartzea, baita krisi ekonomikoa ere... horrek gal arazi zuten erreferenduma, baina hauteskundeak berriro irabazi zituen PQek.

Administradore ekonomiko ona zen PQ eta hauteskundea galdu zituen; alderdiko sektore erreformista orduan hasi zen azpilanean, finantza munduaren azpilanean, finantza munduaren laguntzaz, sekulako jugada prestatuz.

Esaten genuen bezala prentsaren jokabidea aldatu egin zen.

Partidu liberala utzi eta Levesque-ren kontra eraso bizian hasi zen datozen hauteskundetan presenta ez zedin iritzi publikoa prestatzen, eta lortu ere lortu zuen, ondoko hauteskundeetan, Partiduko presioei eta prentsaren lanari esker, ez dela aurkeztuko esan bait du.

Prentsaren argumentu nagusia zera zen, Levesque presentatuz gero liberalek irabaziko zuketela, baina PQ linea erreformistaren buru den Johnson (orduan hasten dira jugada horren aurpegiak ikusten), oraindik PQko justizi ministro, lehendakaritzarako aurkeztuko balitz, gutxigatik baina PQ irabazle gertatuko litzatekeela, ordea PQko sektore abertzale, ezkertiar, eta independentistako Garon edo Marois aurkeztuz gero liberalak nagusituko liratekeela.

Uda hasi baino lehenago beraz prentsa iritzi publikoa prestatzen hasten da, Johnson datorren lehendakaritzat ematen, Espainian Felipe Gonzalezekin gertatu zen bezala.

Baina arazo bat zegoen: Levesquek uzten zuela garbi bazegoen, PQk bere datorren lehendakaria aurkeratu behar zuen.

Johnson ez zen kandidatu bakarra, alderdia zatiturik bait zegoen.

Gauza bat iritzi publikoa prestatzea da eta beste bat alderdi barruan alderdiak Johnson aukeratzea.

Ordurako, gainera, Johnson agertzen da Levesque dimiti arazi duen elemento garrantzitsuena bezala, bestalde eskuindarrena, eta azkenik, super anti independentista bezala, nahiko federalista.

Bestalde bere burua demokratikoki aukeratua izan behar zuen, Ipar Ameriketan demokrazia oso gauza inportantea bait da.

Eta hemen hasten da jugadaren bigarren fasea.

Horren berri gehiago hurrengo artikuluan emango dugu.

Datoak hor daude eta gure interpretazioa ere bai.

Aurrez dena prestaturik zegoen ala ez, ezin jakin noski! ARLANTZ.